XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

c) Euskararen kalitatea

Aipa dezagun, azkenik, eskola-liburuetako euskararen kalitatea.

Gaur egun kalitatearen apustuaz hitzegiten da nonahi.

Irakaskuntzaren kalitateaz ere hitzegiten da, zorionez, eta ikasteko tresnen kalitateaz ere bai, horrenbestez.

Ikusi dugu nola euskara batuari egozten dizkioten batzuek euskara txarraren ajeak.

Kontuan izan gabe euskara batua zer den.

Euskara ona erabil daiteke euskalkia erabiliz eta euskara ona, halaber, euskara batuan.

Eta alderantziz ere bai.

Bixetan egin leike ondo ta bixetan egin leike txarto, zioen Amurizak Euskerazaintzak antolatutako mahai inguru batean (21) Ik. Euskarazaintza XXXI, 1995, jorrailla-ekainilla, 18. orr. Eta honen frogatzat, horra jendeak nola manipulatzen dituen datuak. Labaienek eraso zion liburuaren egileek euskara batuaren txarkeria behin eta berriro darabilte ahotan. Liburu hartan dena gaztelaniaz ematen da. 305. orrialdean, hala ere, nonbaitetik ateratako panfleto batek dioena jasotzen dute, itzuli gabe, ulertezinak direlako, eta hala dira. (ik. 305 orr.). Batuan omen. Ostera, piska bat aurrerago, Txillardegiren hitzak jasotzen dituzte, beren erdara ederrera itzultzeko inongo oztoporik gabeak. Hauek ez zeuden nonbait euskara batuan..

Jakina, euskaldunok euskara estandarraren beharra geure egin dugun neurrian, normala da testurik gehienak, itxura batean behintzat, batuan egotea.

Eta hori horrela izanik, gerta liteke testu oker gehienak ere batutzat jotzen den hizkera mota horretan egotea.

Gure hirietako edozein kaletan egiten ari diren lanak iragartzen dituen kartelean Fueros kalea pasabide irakurtzen badugu, bidegabekeria handia egiten dugu akats hori euskara batuari egotziz.

Euskara akatsduna ezin da euskara batutzat hartu, euskaratzat ere nekez hartu ahalko dugun bezala.

Arazoa hori baino askoz meheagoa da, ordea.

Erdibidea aipatu da.

Hizkuntzaren senarekin bat datorren estiloa ere aipatu da.

Baina non da hori?

Erraza da herriaren ahotan bizi diren esamolde jatorrak erabili beharra aipatzea.

Bidegabekeria da alde horretatik merezimendu guztiak parte batekoei egoztea eta beste partekoei ukatzea (22) Euskera batuak iñoiz ez du lortuko euskal sena bere barruan izatia, euskal sena, euskal anima (...) esaldietan dago. (...) Alegiñak egin ditut batuan idatzitako liburuetan esaldi jatorrak biltzen, batea jo ta bestea jo, ta sinisten erreza ez bada ere esaldi jatorrak bat bakarrik ere ezin jaso izan det, ori da euskera batua, baina ori ez da euskera dio Oñatibia jaunak gorago aipatu mahai inguruan..

Bada zeregina bazterretan.

Ezin uka.

Ausartuko nintzateke, ordea, esatera gaur inoiz ez bezala, inoiz ez bezain ongi idazten duen jende asko dugula.

Egia da zenbait alor berritan sartu beharrak berekin ekar dezakeela huts egiteko arriskua.

Baina gauzak gero eta hobeto egiten ari garela ezin ukatu.

Baina eskoletan erabiltzen diren ikasliburuez zer esan?

Gure haurrek eta gazteek darabiltzaten testu-liburuetako euskara nolakoa da?